2018(e)ko azaroaren 11(a), igandea

Lurdes Oiarbide Donostia Kantuz taldekidea joan zaigu.

Atzo, larunbatean, kantuzale amorratua zen Lurdes Oiarbide gure artetik joan zaigu. Kantujirak eta kantu saio ezberdinek lagun berriak egiteko aukera eman digute, jendea ezagutzeko, elkarrekin dugun zaletasunaz goxatzeko, eta horrela ezagutu genuen Lurdes. Kantujira gehienetan hor zegoen, gure ondoan, kantu kantari, bai Donostian, baita Euskal Herri zabalean antolatu izan diren hainbat kantu saioetan. Eskuratu dugun argazki honetan, Lurdes Donostian antolatutako Euskal Herria Kantuz eguneko bazkarian zegoen. 
Bihar, astelehena, arratsaldeko 19:00etan, Altzako San Jose Obrero elizan egingo dituzte bere hiletaren elizkizunak. 
Besarkada handi bat bere familia guztiari, senitarte eta inguruko lagun eta adiskide guztiei. 
Goian bego Lurdes.
San Jose Obrero parrokiaren helbidea: Casares pasealekua, 143 Altza-Donostia.
San Jose Obrero parrokiaren kokapena

2018(e)ko urriaren 24(a), asteazkena

DONOSTIAN KANTUZ: Urriaren 20an jasotako bideoa

Milesker Guillermo Arbeolari bideo honetan egindako lanagatik.

Lagunekin Kantari Amara-Berrin saio bikaina: Pauline&Juliette

Saio bikaina eskaini ziguten Pauline eta Juliette bikoteak, urriaren 17an, Ikasbide kultur elkartean Amara-Berri kantuz taldeak antolatutako LAGUNEKIN KANTARI saioan. Aretoa jendez beteta, saio xarmanta, goxoa eta beroa.

2018(e)ko urriaren 10(a), asteazkena

Urriaren 17an Amara Berriko "Lagunekin kantari" saioan: Pauline eta Juliette bikotea

Amara Berriko kantu saioak hasi dira, eta ikasturteari hasiera emateko saio berezia izango dugu datorren urriaren 17an. Aurten gonbidatutako bikotea PAULINE eta JULIETTE izango dira. Beraien azken diskako kantak eskainiko dizkigute, HEGALDAKA. 
Ondoren, kantuzaleekin batera gure kantuak partekatuko ditugu, eta amaitzeko IKASBIDE elkartean afaria izango dugu. 
Kantu saioa IKASBIDE kultur elkarteko aretoan izango da, ez da handia beraz laster beteko dela aurreikusten dugu. 
Jarraian Pauline eta Juliette bikotearen bideo bat:

Donostiarrak ere Gernikako euskal jaian, giro paregabean

2018(e)ko irailaren 4(a), asteartea

MUSIKA eta EUSKARA elkarrekin solasean

HIRUTXULOKO HITZAN argitaratutako artikulua.  Karlos Serrano, Donostiako Kantujiraren izenean idatzia. 
Kantu Jirak berezkoa du musika eta euskara uztartzea. Horretan datza beraren funtsa jaio zenetik. Are gehiago, doinuak eta hizkuntza lotzeaz gain, edo horregatik hain zuzen, plazer bikoitza eskaintzen die kantukideei: melodien zirraraz eta euskararen xarmaz gozatzea. Zer atsegina den elkarrekin abestea, horretarako bakoitzak dituen dohain eta mugei erreparatu gabe! Herrikoia da Kantu Jira. Era berean, zer nolako poza sorrarazten duen euskaldunongan euskaraz kantatzeak, hizkuntzaren ezagutzari dagokionez oraindik hutsuneak izanda ere! Euskaraz kantatzea… euskara maitatzea, euskaraz aritzea da kontua.
Kantu Jirak, beraz, Euskaraldiaren helburuarekin guztiz bat egiten du. Naturaltasun osoz, kantukideen aho-belarrietan dantzan dago euskara, eta giro horretan erakarpen efektua gertatzen da euskaraz oraindik ez dakiten batzuengan ere: abestia zertaz ari den, hitz horiek zer adierazten duten jakin nahia. Hau da, Kantu Jirak, hizkuntzaren transmisioan katebegi sendoa izan nahi duen horrek, euskarari bideak zabaltzen dizkio, partaideen artean euskaraz mintzatzeko joera indartzen eta sortzen lagundu nahi du. Lehengo eta oraingo euskal abestiak bizirik mantentzen saiatzen da, noski, baina euskal kantuez kaleak blaitzearekin batera, edozein esparrutan euskaraz aritzeko gogo eta poza piztu nahi ditu, Etxepareren desira hura (Linguae Vasconum Primitiae, 1545) gaur egun ere egia bihur dadin: “Euskara, jalgi hadi plazara / … / Euskara, habil mundu guzira».