2018(e)ko maiatzaren 23(a), asteazkena

Ekainaren 15ean, Donostian, "Mikel Laboaren adaxka gazteak"

Antiguotarrak Euskal Dantza Taldeak Mikel Laboaren omenezko kontzertua antolatu du kantariaren heriotzaren 10. urteurrena dela-eta. Mikel Laboaren adaxka gazteak izena jarri diote ekainaren 15ean Donostiako Antigua auzoko frontoian hainbat musikari bilduko dituen jaialdiari. Hain zuzen, bertan izango dira Ekiza, Mursego eta Javi Manterola (Lisabo), Olatz Salvador, Petti, Unai Pelayo Pelax, Iñigo Ozaeta eta Beñat Antxustegi, Xendarineko Ahizpak eta Zigor DZ. Halaber, Miren Lizeaga dantzariak ere bera parte hartuko du ekitaldian. 
Jaialdira joan ahal izateko gonbidapenak Donostiako FotoMiki argazki dendan, Platero tabernan eta Rekalde tabernan egongo dira eskuragarri maiatzaren 24tik aurrera. Era berean, mikellaboantiguo@gmail.com helbidean ere eskatu ahalko dira. 


2018(e)ko maiatzaren 10(a), osteguna

Ekainaren 2an, Euskal Herria Kantuz eguna. Informazioa

Hemen duzue aurtengo Euskal Herria Kantuz eguneko kartela eta egitaraua. 
Arratsalderako herrialdeek aukeratutako abestiak:
ARABA: "Usoa" - "Gurea da"
BIZKAIA: "Ai ze polita" - "Bermioko portuan"
GIPUZKOA: "Donostiyako ziudadea" - "Trapu zaharrak"
LAPURDI: "Irrintzina" - "Pipa hartu'ta"
NAFARROA: "Nafarroari"- "Barberaren koplak" 
XIBEROA: "Lili bat ikusi dut" - "Atharratzeko gaztelua"

Maiatzaren 19an, Donostiako Kantujira

Hilero bezala, badatorkigu maiatzeko kantujira. Datorren maiatzaren 19an, larunbata, eguerdiko 12:00etan, irtengo da Donostiako Kantujira Elkarretik. 
Hemen duzue ibilbidea: Elkar - Bretxa - Bulebarra - Lasala plaza - Santa Maria - Plaza Berri eta Koxkeran amaiera.
Egun berean, Herria tabernan, Euskal Herria Kantuz egunera autobusez joateko izena-eman duzuenok pasa bertatik ordainketari ekiteko.

Maiatzaren 13an, Herri Urratsen Kantujira

Iparraldeko Sehaska ikastolen aldeko jaia datorren igandean izango dugu, maiatzak 13, Senperen. Eta ohitura bihurtu duten bezala, egitarau zabal horren barruan, Kantujira antolatu dute. Eguerdiko 12:00etan irtengo da Herri Urrats kantuz kantujira Gipuzkoako gunetik. 
Beraz, ikastolen aldeko urratsak ematera bazoazte Senperera baduzue beste hitzordu erakargarri bat bertan.

Maiatzaren 12an, Amarako kantujira.

Datorren larunbatean, maiatzak 12, eguerdiko 12:00etan Amarako Kantujira izango dugu. Arroza plazan abiatuz inguruko txokoak alaituko dituzte gure kantuekin. 
Gogoan izan dagoeneko hilero irteten direla bertan kantujira, beti ere, hileko bigarren larunbatean. 
Zorionak bertako antolatzaile eta partaide guztiei.

2018ko LAGUNEKIN KANTARI prest!


2018ko LAGUNEKIN KANTARI ekimena prest dute.  Hemen duzue aurtengo egitaraua.
Beraz, maiatzean badugu non entzun, eta non abestu. Zorionak antolatzaileei!

Pasaiako herritik dator notizia, maiatzaren 19an kantujira

Pasaian Itsas Festibala antolatu dute maiatzak17-21 bitartean. Egitarauaren barruan maiatzaren 19an, kantujira antolatu dute Pasai Donibanen, eguerdiko 12:00etan. 
Goizeko 11:00etan, Santiago plazan hamaiketako txiki bat eskainiko dute, kantu-liburuxkak banatu eta 12:00etan Erreka auzotik irtengo da kantujira Bizkaia plazan amaitzeko. 
14:30ean bazkari herrikoia antolatu dute Arraun elkartean. (15 eurotan. edariak ez daude sartuta). izena eman nahi dutenek jarri harremanetan antolatzaileekin (Edurne: 609 48 55 41).
Informazio guztia honako orrialdean duzue: 
ITSAS FESTIBALA - PASAI - 2018

Udaberri Jaia Igeldon, Maiatzaren 12an, Kantu-afaria.

Udaberri Jaia antolatu dute Igeldon. Maiatzaren 12tik 15era bitartean egitarau erakargarria prestatu dute. Tartean maiatzaren 12an, larunbata, Barrikotea Sindikatuan antolatu duten Kantu-afaria, Itziar Zamoraren laguntzarekin. Menua 20 eurotan, eta txartelak eskuratzeko aukera Txapelan dituzue salgai. 
Besterik gabe, animatu eta goxatu udaberriko kantuekin.