2018(e)ko azaroaren 22(a), osteguna

Abenduaren 1ean Kantujira Alde-Zaharrean

MIkel Laboa plaza inauguratzeko jaialdia

Abenduaren 1ean, Mikel Laboaren heriotzaren 10. urtemugan, sortzaile donostiarraren izena eramango duen plaza inauguratuko dute. Antiguak kantuz oroituko du Laboa, bere omenez antolatuko duten ekitaldi berezian.

Goizean hasiko da ospakizuna, hamaika eta erdietan, Gaskonia plazan, txistulariekin eta kantujirarekin. Handik abiatuko dira Mikel Laboa plazaraino, eta han, Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi bertsotan ariko dira.Ainara Ortega eta Iñaki Salvador musikariak ere ariko dira zuzenean. Donostiako Zurartean txalaparta eskolak eta Luberri abesbatzak ere parte hartuko dute.
Ekitaldiaren ondoren kantu bazkaria egingo dute Txirain elkartean. Izena eman daiteke Txirain.eus webgunean eta 943312854 telefono zenbakian.

2018(e)ko azaroaren 11(a), igandea

Lurdes Oiarbide Donostia Kantuz taldekidea joan zaigu.

Atzo, larunbatean, kantuzale amorratua zen Lurdes Oiarbide gure artetik joan zaigu. Kantujirak eta kantu saio ezberdinek lagun berriak egiteko aukera eman digute, jendea ezagutzeko, elkarrekin dugun zaletasunaz goxatzeko, eta horrela ezagutu genuen Lurdes. Kantujira gehienetan hor zegoen, gure ondoan, kantu kantari, bai Donostian, baita Euskal Herri zabalean antolatu izan diren hainbat kantu saioetan. Eskuratu dugun argazki honetan, Lurdes Donostian antolatutako Euskal Herria Kantuz eguneko bazkarian zegoen. 
Bihar, astelehena, arratsaldeko 19:00etan, Altzako San Jose Obrero elizan egingo dituzte bere hiletaren elizkizunak. 
Besarkada handi bat bere familia guztiari, senitarte eta inguruko lagun eta adiskide guztiei. 
Goian bego Lurdes.
San Jose Obrero parrokiaren helbidea: Casares pasealekua, 143 Altza-Donostia.
San Jose Obrero parrokiaren kokapena

2018(e)ko urriaren 24(a), asteazkena

DONOSTIAN KANTUZ: Urriaren 20an jasotako bideoa

Milesker Guillermo Arbeolari bideo honetan egindako lanagatik.

Lagunekin Kantari Amara-Berrin saio bikaina: Pauline&Juliette

Saio bikaina eskaini ziguten Pauline eta Juliette bikoteak, urriaren 17an, Ikasbide kultur elkartean Amara-Berri kantuz taldeak antolatutako LAGUNEKIN KANTARI saioan. Aretoa jendez beteta, saio xarmanta, goxoa eta beroa.

2018(e)ko urriaren 10(a), asteazkena

Urriaren 17an Amara Berriko "Lagunekin kantari" saioan: Pauline eta Juliette bikotea

Amara Berriko kantu saioak hasi dira, eta ikasturteari hasiera emateko saio berezia izango dugu datorren urriaren 17an. Aurten gonbidatutako bikotea PAULINE eta JULIETTE izango dira. Beraien azken diskako kantak eskainiko dizkigute, HEGALDAKA. 
Ondoren, kantuzaleekin batera gure kantuak partekatuko ditugu, eta amaitzeko IKASBIDE elkartean afaria izango dugu. 
Kantu saioa IKASBIDE kultur elkarteko aretoan izango da, ez da handia beraz laster beteko dela aurreikusten dugu. 
Jarraian Pauline eta Juliette bikotearen bideo bat:

Donostiarrak ere Gernikako euskal jaian, giro paregabean

2018(e)ko irailaren 4(a), asteartea

MUSIKA eta EUSKARA elkarrekin solasean

HIRUTXULOKO HITZAN argitaratutako artikulua.  Karlos Serrano, Donostiako Kantujiraren izenean idatzia. 
Kantu Jirak berezkoa du musika eta euskara uztartzea. Horretan datza beraren funtsa jaio zenetik. Are gehiago, doinuak eta hizkuntza lotzeaz gain, edo horregatik hain zuzen, plazer bikoitza eskaintzen die kantukideei: melodien zirraraz eta euskararen xarmaz gozatzea. Zer atsegina den elkarrekin abestea, horretarako bakoitzak dituen dohain eta mugei erreparatu gabe! Herrikoia da Kantu Jira. Era berean, zer nolako poza sorrarazten duen euskaldunongan euskaraz kantatzeak, hizkuntzaren ezagutzari dagokionez oraindik hutsuneak izanda ere! Euskaraz kantatzea… euskara maitatzea, euskaraz aritzea da kontua.
Kantu Jirak, beraz, Euskaraldiaren helburuarekin guztiz bat egiten du. Naturaltasun osoz, kantukideen aho-belarrietan dantzan dago euskara, eta giro horretan erakarpen efektua gertatzen da euskaraz oraindik ez dakiten batzuengan ere: abestia zertaz ari den, hitz horiek zer adierazten duten jakin nahia. Hau da, Kantu Jirak, hizkuntzaren transmisioan katebegi sendoa izan nahi duen horrek, euskarari bideak zabaltzen dizkio, partaideen artean euskaraz mintzatzeko joera indartzen eta sortzen lagundu nahi du. Lehengo eta oraingo euskal abestiak bizirik mantentzen saiatzen da, noski, baina euskal kantuez kaleak blaitzearekin batera, edozein esparrutan euskaraz aritzeko gogo eta poza piztu nahi ditu, Etxepareren desira hura (Linguae Vasconum Primitiae, 1545) gaur egun ere egia bihur dadin: “Euskara, jalgi hadi plazara / … / Euskara, habil mundu guzira».

2018(e)ko irailaren 3(a), astelehena

Benito Lertxundiren diska berriko kantu berria: kimu bat zuhaitzan

Irailaren 16an, Aieteko jaietan kantujira

Aurten ere Aieteko jaietan, ezin falta kantu saioa, gure Kantujira!. Datorren irailaren 16an, 3. igandean egingo dugu kantujira bertan. Errepertorioan Donostia Kantuz liburuxkan dauden abestiak kantatuko ditugu. 
Hasiera goizeko 11:00etan izango da, Hiru Damatxo plazatxoan, kantuen artean bertsolari bikote paregabea izango dugu: Alain Martin eta Andoni Egaña. Bidean kantuak, bertsoak, dantzak, txistulariak eta jan-edanak izango ditugu. Eguerdiko 14:30ean berriz, Bazkaria parkeko Topalekun. Menua=16 eurotan. Eta ondoren kantuz eta dantzan amaituko dugu eguna. Menua: entsalada, paella, makailua saltsan, tomateakin eta piperrekin, eta tarta. Edariak: urteko ardoa, sagardoa, ura, eta bazkalondorengo kafea. 
Animatu eta zatoz Aieteko kantujirara. 

2018(e)ko abuztuaren 23(a), osteguna

Donostia Kantuz taldea ere Euskaraldian sustatzaile

Euskararen erabileran eragiteko asmoz jaio da EUSKARALDIA egitasmo berria. Donostiako Egia auzoan eman zen esperientzia eredutzat jo eta Euskal Herri osora zabaldu nahi da proiektua. Datorren azaroaren 23tik abenduaren 3a bitartean 11 egun euskaraz bizitzeko konpromisoa hartuko dugu, eta horretara gonbidatu nahi zaituztegu, bai AHOBIZI edo BELARRIPREST bezala izena emanik. Izen-ematea irailean hasiko da. Informazio zehatza bidaliko dizuegu, hala ere, Bagera elkartean informazio gunea duzue. Donostia Kantu taldearen helburutariko bat euskararen erabileran eragitea izanik ezin dugu hutsik egin, eta EUSKARALDIAN parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

Irailaren 1ean, Donostiako Euskal Jaia: Kantujira berezia

Donostian ez dugu etenik, aste nagusiko jaiak amaituta, hemen ditugu laster batean Euskal Jaiak. Estropadekin batera, euskal dantzak, kantuak eta sagardoa dastatzeko aukera izango dugu. Urtero bezala, berezitasun bat sartu da egitarauan, eta aurten Bentazaharreko musikariak izango ditugu gurekin kalez kale giroa animatzeko. 
Irteera San Martinetik egingo da eguerdiko 12:00etan, kantujiran Bulebarrera abiatu eta bertan sagardoa dastatzeko aukera izango dugu kantu eta dantzen artean. 
Besterik gabe, irailaren 1ean, larunbata Euskal Jaiko Kantujira! 

Agur Jaunak abestiaren inguruko erreportaia

Joanes Segurolak egindako artikulu batean AGUR JAUNAK abestiaren nondik norakoak azaltzen dizkigu.  Orain 100 urte interpretatu zen lehen aldiz Azpeitian San Inazio omenezko prozesio batean, 1918ko abuztuaren 1ean, Foru Aldundiko klarineek musikatu zuen abestia. Agur Jaunak abestia ereserki izaera izan zuen gerra zibila garaian. 
Artikulua interesgarria irakurtzeko egin klik hemen: 
"AGUR JAUNAK, ereserki"

Donostiako Aste Nagusia 2018. Piratek egindako bideoa

2018(e)ko abuztuaren 13(a), astelehena

Donostiako Aste Nagusian KANTUJIRAK

Donostiako Aste Nagusian murgilduta gaude, eta bertan kantatzeko aukera eskainiko zaigu. Datorren abuztuaren 16an lehen kantujira izango dugu, Piraten Kantujira. 12:00etan Flamenkatik hasiko da kantujira, eta alde zaharrean arituko gara kantari. 
Hurrengoa berriz, hilabetekoa Donostia Kantuz taldearen kantujira ofiziala, datorren abuztuaren 18an, eguerdiko 12:00etatik aurrera. 
Besterik gabe, animatu eta parte hartu gure kantujiratan. 

2018(e)ko ekainaren 26(a), asteartea

Ekainaren 29an, Bego Etxebarria gogoratzeko ekimena

Datorren ekainaren 29an, ekainaren 7an gure ondotik joan zitzaigun Bego Etxebarria ekarriko dugu gogora. Ekitaldia arratsaldeko 18:30ean Amaiurko parkean. Hitzez, musikaz, dantzaz, eta pozez gogoratuko dugu guregan izan zuen eragina. 
Gora Bego!!!







*Amara-Berrin kokatuta dagoen Amaiur parkea (berdez margotuta) eta bertan Amaiurko harria. 

2018(e)ko ekainaren 7(a), osteguna

Bego Etxebarria joan zaigu

Bego Etxebarria joan zaigu, Donostiako kantuzaleen artean aski ezaguna, Donostia Kantuz taldearen sustatzailea. Pertsona jatorra, langilea, gertukoa,.. gure hizkuntzarekin, kulturarekin eta gure herriarekin konprometitua... Ez dakit kasualitateak diren.....agian elkarrekin kantuan aritzeko joatea erabaki dute, bera eta Manex Pagola.  
GORA BEGO!!! 

2018(e)ko ekainaren 1(a), ostirala

Kantujirei buruzko erreportaia BERRIAn

Erreportai ederra Iker Tubiak, Berriako kazetariak eskaini diguna gaurko egunkarian. "KANTU ZAHARREI JARRAIKIZ" izenburupean Euskal Herria Kantuz egitasmoaren inguruko irudi global bat eskaintzen digu, hiriburuetako testigantzak jasoz. Irakurri nahi izanez gero hemen klikatu:
"KANTU ZAHARREI JARRAIKIZ"

2018(e)ko maiatzaren 23(a), asteazkena

Ekainaren 15ean, Donostian, "Mikel Laboaren adaxka gazteak"

Antiguotarrak Euskal Dantza Taldeak Mikel Laboaren omenezko kontzertua antolatu du kantariaren heriotzaren 10. urteurrena dela-eta. Mikel Laboaren adaxka gazteak izena jarri diote ekainaren 15ean Donostiako Antigua auzoko frontoian hainbat musikari bilduko dituen jaialdiari. Hain zuzen, bertan izango dira Ekiza, Mursego eta Javi Manterola (Lisabo), Olatz Salvador, Petti, Unai Pelayo Pelax, Iñigo Ozaeta eta Beñat Antxustegi, Xendarineko Ahizpak eta Zigor DZ. Halaber, Miren Lizeaga dantzariak ere bera parte hartuko du ekitaldian. 
Jaialdira joan ahal izateko gonbidapenak Donostiako FotoMiki argazki dendan, Platero tabernan eta Rekalde tabernan egongo dira eskuragarri maiatzaren 24tik aurrera. Era berean, mikellaboantiguo@gmail.com helbidean ere eskatu ahalko dira. 


2018(e)ko maiatzaren 10(a), osteguna

Ekainaren 2an, Euskal Herria Kantuz eguna. Informazioa

Hemen duzue aurtengo Euskal Herria Kantuz eguneko kartela eta egitaraua. 
Arratsalderako herrialdeek aukeratutako abestiak:
ARABA: "Usoa" - "Gurea da"
BIZKAIA: "Ai ze polita" - "Bermioko portuan"
GIPUZKOA: "Donostiyako ziudadea" - "Trapu zaharrak"
LAPURDI: "Irrintzina" - "Pipa hartu'ta"
NAFARROA: "Nafarroari"- "Barberaren koplak" 
XIBEROA: "Lili bat ikusi dut" - "Atharratzeko gaztelua"

Maiatzaren 19an, Donostiako Kantujira

Hilero bezala, badatorkigu maiatzeko kantujira. Datorren maiatzaren 19an, larunbata, eguerdiko 12:00etan, irtengo da Donostiako Kantujira Elkarretik. 
Hemen duzue ibilbidea: Elkar - Bretxa - Bulebarra - Lasala plaza - Santa Maria - Plaza Berri eta Koxkeran amaiera.
Egun berean, Herria tabernan, Euskal Herria Kantuz egunera autobusez joateko izena-eman duzuenok pasa bertatik ordainketari ekiteko.

Maiatzaren 13an, Herri Urratsen Kantujira

Iparraldeko Sehaska ikastolen aldeko jaia datorren igandean izango dugu, maiatzak 13, Senperen. Eta ohitura bihurtu duten bezala, egitarau zabal horren barruan, Kantujira antolatu dute. Eguerdiko 12:00etan irtengo da Herri Urrats kantuz kantujira Gipuzkoako gunetik. 
Beraz, ikastolen aldeko urratsak ematera bazoazte Senperera baduzue beste hitzordu erakargarri bat bertan.

Maiatzaren 12an, Amarako kantujira.

Datorren larunbatean, maiatzak 12, eguerdiko 12:00etan Amarako Kantujira izango dugu. Arroza plazan abiatuz inguruko txokoak alaituko dituzte gure kantuekin. 
Gogoan izan dagoeneko hilero irteten direla bertan kantujira, beti ere, hileko bigarren larunbatean. 
Zorionak bertako antolatzaile eta partaide guztiei.

2018ko LAGUNEKIN KANTARI prest!


2018ko LAGUNEKIN KANTARI ekimena prest dute.  Hemen duzue aurtengo egitaraua.
Beraz, maiatzean badugu non entzun, eta non abestu. Zorionak antolatzaileei!

Pasaiako herritik dator notizia, maiatzaren 19an kantujira

Pasaian Itsas Festibala antolatu dute maiatzak17-21 bitartean. Egitarauaren barruan maiatzaren 19an, kantujira antolatu dute Pasai Donibanen, eguerdiko 12:00etan. 
Goizeko 11:00etan, Santiago plazan hamaiketako txiki bat eskainiko dute, kantu-liburuxkak banatu eta 12:00etan Erreka auzotik irtengo da kantujira Bizkaia plazan amaitzeko. 
14:30ean bazkari herrikoia antolatu dute Arraun elkartean. (15 eurotan. edariak ez daude sartuta). izena eman nahi dutenek jarri harremanetan antolatzaileekin (Edurne: 609 48 55 41).
Informazio guztia honako orrialdean duzue: 
ITSAS FESTIBALA - PASAI - 2018

Udaberri Jaia Igeldon, Maiatzaren 12an, Kantu-afaria.

Udaberri Jaia antolatu dute Igeldon. Maiatzaren 12tik 15era bitartean egitarau erakargarria prestatu dute. Tartean maiatzaren 12an, larunbata, Barrikotea Sindikatuan antolatu duten Kantu-afaria, Itziar Zamoraren laguntzarekin. Menua 20 eurotan, eta txartelak eskuratzeko aukera Txapelan dituzue salgai. 
Besterik gabe, animatu eta goxatu udaberriko kantuekin. 

2018(e)ko otsailaren 26(a), astelehena

"Emakumeak planto", laster entzungai izango dugu Donostiako kantujiran


Emakumeen eskubide eta berdintasunerako borroka eta aldarrikapenak abesti batean islatu dituzte, eta Donostian martxoan egingo den kantujiran, guztiok abestera gonbidatu nahi zaituztegu. 
Hemen duzue abestiaren bideoa, gure kantu-ikasgelan ere bideoa eta hitzak dituzue ikusgai. Animatu abestera, zure ahotsa ere beharrezkoa izango dugu eta!

2018(e)ko otsailaren 9(a), ostirala

Otsailak 10, kantujira Amara Zaharrean

Otsailaren 10ean, larunbata, eguerdiko 12:00etan, Amara Zaharreko Arroka plazan emango diogu hasiera gure kantujirari. 
Animatu guztiok, eta jarri dezagun auzoa kantari!!!

2018(e)ko otsailaren 1(a), osteguna

Santa Ageda bezperako kantak, JoseMariren hitzetan

Jose Mari Soroa jaiotzez donostiarra, txikitatik Usurbilera bizitzera joan zen. 70. hamarkadan aski ezaguna egin zen "JoseMari eta Mikel" kantari bikotearekin. Santa Ageda bezperako usadioa gaztetan nola gauzatzen zuten azaltzen digu.

Santa Ageda bezperan kantari Añorgan, Alde zaharrean eta Loiolako Erriberatan

AÑORGAN:Baserriz baserri santa eskean ibiliko dira aurten ere Añorgan. Iganderako egin dute deia auzotarrek, 10:00etan, Amassorrain ikastolaren parean elkartzeko. Aspalditik dute ohitura Añorgan koplaka aritzeko Santa Ageda bezperan, eta ohiturari eusten jarraitzen dute. 25 Geltokiak, auzoko komunikabideak, bideo bat osatu zuen 2015eko santa eskearekin.
-----------------------------------------------------------------------------------
ALDE ZAHARREAN:  Igandean, 20:00etan Kresala kultur elkartetik abiatuko dira Alde zaharrera joateko. Kalez kale, tabernaz taberna, dendetan ere bai ibiliko dira, beti ere kantuz giro ederrean bizilagunak agurtuz. 21:30ean Plaza Berrira iristea aurreikusten dute, eta amaiera berriz 22:30ak inguruan Kresala elkartean.
----------------------------------------------------------------------------------
 LOIOLAKO ERRIBERAN: Tradizioarekin bat egin nahi izan dute bertako auzokideek, eta kantari irtengo dira igandean, otsailaren 4an, 18:30ean. Santiago plazatik aterako dira, eta auzoko kaleetan barrena ibiliko dira. Caritas elkarteari bideratuko diote eskean jasotako dirua. Egun handia iritsi aurretik, entsegua egingo dute, auzo elkartearen lokalean (Gabriel Maria Lafitte, 2), ostegunean, otsailaren 1ean, 19:30ean.

2018(e)ko urtarrilaren 19(a), ostirala

Donostia jaietan, Donostia Kantuz!

Gora Donostia eta donostiarrak! 
Ongi igaro jaieguna eta gaua, eta ez ahaztu igandean eguerdiko 12:00etan Donostia Kantuz kantujira egingo dugula. Kantu saioan, urtarrilaren 12an gure ondotiko joan zen, Joxean Artze poeta eta idazlea gogoan izango dugu, eta berak idatzitako kantu batzuk abestuko ditugu. 



2018(e)ko urtarrilaren 12(a), ostirala

Joxean Artze, kultur eragile handia

Bere bizitza laburtua hemen duzue ikusgai: Noaua. Joxean Artze biografia:
Gaur, Urtarrilak 11, Joxean Artze poeta, idazle, txalapartaria,... hil zaigu. Ahaztu egingo ez dugun beste data bat euskal kulturgintzan, ahaztu egingo ez dugun beste pertsona xumea eta handia. Bere hitzekin makina bat kantu sortu dira, gure memorian galdu ezingo diren kantu eta hitz zoragarriak. 
Goian bego Joxean, gogoan zaitugu! 

Urtarrilaren 14an, muxikoak Antiguako frontoian

Datorren igandean, urtarrilak 14, eguerdiko 12:00etan, muxikoak dantza saio irekia izango dugu Antiguako frontoian. 
Hotza kentzeko modu alaiagorik ba ote dago? 

Urtarrilaren 13an, 11:45ean Areatzan Bilbon Kantari

Jakingo duzuenez, Sarek antolatuta datorren larunbatean hainbat ekitaldi burutuko dira Bilbon, tartean ohiko manifestazioa. Hori dela eta, Bilbon larunbata arratsaldean antolatutako kantujira, eguerdian egingo dute, hau da, 11:45ean Areatzan jarritako karpatik abiatuta. Ondoren Zazpi kaleetan zehar arituko dira kantari. Badakizue animatzen bazerate giro ederra izango duzue goizean.