2018(e)ko irailaren 4(a), asteartea

MUSIKA eta EUSKARA elkarrekin solasean

HIRUTXULOKO HITZAN argitaratutako artikulua.  Karlos Serrano, Donostiako Kantujiraren izenean idatzia. 
Kantu Jirak berezkoa du musika eta euskara uztartzea. Horretan datza beraren funtsa jaio zenetik. Are gehiago, doinuak eta hizkuntza lotzeaz gain, edo horregatik hain zuzen, plazer bikoitza eskaintzen die kantukideei: melodien zirraraz eta euskararen xarmaz gozatzea. Zer atsegina den elkarrekin abestea, horretarako bakoitzak dituen dohain eta mugei erreparatu gabe! Herrikoia da Kantu Jira. Era berean, zer nolako poza sorrarazten duen euskaldunongan euskaraz kantatzeak, hizkuntzaren ezagutzari dagokionez oraindik hutsuneak izanda ere! Euskaraz kantatzea… euskara maitatzea, euskaraz aritzea da kontua.
Kantu Jirak, beraz, Euskaraldiaren helburuarekin guztiz bat egiten du. Naturaltasun osoz, kantukideen aho-belarrietan dantzan dago euskara, eta giro horretan erakarpen efektua gertatzen da euskaraz oraindik ez dakiten batzuengan ere: abestia zertaz ari den, hitz horiek zer adierazten duten jakin nahia. Hau da, Kantu Jirak, hizkuntzaren transmisioan katebegi sendoa izan nahi duen horrek, euskarari bideak zabaltzen dizkio, partaideen artean euskaraz mintzatzeko joera indartzen eta sortzen lagundu nahi du. Lehengo eta oraingo euskal abestiak bizirik mantentzen saiatzen da, noski, baina euskal kantuez kaleak blaitzearekin batera, edozein esparrutan euskaraz aritzeko gogo eta poza piztu nahi ditu, Etxepareren desira hura (Linguae Vasconum Primitiae, 1545) gaur egun ere egia bihur dadin: “Euskara, jalgi hadi plazara / … / Euskara, habil mundu guzira».

2018(e)ko irailaren 3(a), astelehena

Benito Lertxundiren diska berriko kantu berria: kimu bat zuhaitzan

Irailaren 16an, Aieteko jaietan kantujira

Aurten ere Aieteko jaietan, ezin falta kantu saioa, gure Kantujira!. Datorren irailaren 16an, 3. igandean egingo dugu kantujira bertan. Errepertorioan Donostia Kantuz liburuxkan dauden abestiak kantatuko ditugu. 
Hasiera goizeko 11:00etan izango da, Hiru Damatxo plazatxoan, kantuen artean bertsolari bikote paregabea izango dugu: Alain Martin eta Andoni EgaƱa. Bidean kantuak, bertsoak, dantzak, txistulariak eta jan-edanak izango ditugu. Eguerdiko 14:30ean berriz, Bazkaria parkeko Topalekun. Menua=16 eurotan. Eta ondoren kantuz eta dantzan amaituko dugu eguna. Menua: entsalada, paella, makailua saltsan, tomateakin eta piperrekin, eta tarta. Edariak: urteko ardoa, sagardoa, ura, eta bazkalondorengo kafea. 
Animatu eta zatoz Aieteko kantujirara.