2018(e)ko otsailaren 26(a), astelehena

"Emakumeak planto", laster entzungai izango dugu Donostiako kantujiran


Emakumeen eskubide eta berdintasunerako borroka eta aldarrikapenak abesti batean islatu dituzte, eta Donostian martxoan egingo den kantujiran, guztiok abestera gonbidatu nahi zaituztegu. 
Hemen duzue abestiaren bideoa, gure kantu-ikasgelan ere bideoa eta hitzak dituzue ikusgai. Animatu abestera, zure ahotsa ere beharrezkoa izango dugu eta!

2018(e)ko otsailaren 9(a), ostirala

Otsailak 10, kantujira Amara Zaharrean

Otsailaren 10ean, larunbata, eguerdiko 12:00etan, Amara Zaharreko Arroka plazan emango diogu hasiera gure kantujirari. 
Animatu guztiok, eta jarri dezagun auzoa kantari!!!

2018(e)ko otsailaren 1(a), osteguna

Santa Ageda bezperako kantak, JoseMariren hitzetan

Jose Mari Soroa jaiotzez donostiarra, txikitatik Usurbilera bizitzera joan zen. 70. hamarkadan aski ezaguna egin zen "JoseMari eta Mikel" kantari bikotearekin. Santa Ageda bezperako usadioa gaztetan nola gauzatzen zuten azaltzen digu.

Santa Ageda bezperan kantari Añorgan, Alde zaharrean eta Loiolako Erriberatan

AÑORGAN:Baserriz baserri santa eskean ibiliko dira aurten ere Añorgan. Iganderako egin dute deia auzotarrek, 10:00etan, Amassorrain ikastolaren parean elkartzeko. Aspalditik dute ohitura Añorgan koplaka aritzeko Santa Ageda bezperan, eta ohiturari eusten jarraitzen dute. 25 Geltokiak, auzoko komunikabideak, bideo bat osatu zuen 2015eko santa eskearekin.
-----------------------------------------------------------------------------------
ALDE ZAHARREAN:  Igandean, 20:00etan Kresala kultur elkartetik abiatuko dira Alde zaharrera joateko. Kalez kale, tabernaz taberna, dendetan ere bai ibiliko dira, beti ere kantuz giro ederrean bizilagunak agurtuz. 21:30ean Plaza Berrira iristea aurreikusten dute, eta amaiera berriz 22:30ak inguruan Kresala elkartean.
----------------------------------------------------------------------------------
 LOIOLAKO ERRIBERAN: Tradizioarekin bat egin nahi izan dute bertako auzokideek, eta kantari irtengo dira igandean, otsailaren 4an, 18:30ean. Santiago plazatik aterako dira, eta auzoko kaleetan barrena ibiliko dira. Caritas elkarteari bideratuko diote eskean jasotako dirua. Egun handia iritsi aurretik, entsegua egingo dute, auzo elkartearen lokalean (Gabriel Maria Lafitte, 2), ostegunean, otsailaren 1ean, 19:30ean.