2018(e)ko urriaren 10(a), asteazkena
2018(e)ko irailaren 4(a), asteartea
MUSIKA eta EUSKARA elkarrekin solasean
HIRUTXULOKO HITZAN argitaratutako artikulua. Karlos Serrano, Donostiako Kantujiraren izenean idatzia.
Kantu Jirak berezkoa du musika eta euskara uztartzea. Horretan datza beraren funtsa jaio zenetik. Are gehiago, doinuak eta hizkuntza lotzeaz gain, edo horregatik hain zuzen, plazer bikoitza eskaintzen die kantukideei: melodien zirraraz eta euskararen xarmaz gozatzea. Zer atsegina den elkarrekin abestea, horretarako bakoitzak dituen dohain eta mugei erreparatu gabe! Herrikoia da Kantu Jira. Era berean, zer nolako poza sorrarazten duen euskaldunongan euskaraz kantatzeak, hizkuntzaren ezagutzari dagokionez oraindik hutsuneak izanda ere! Euskaraz kantatzea… euskara maitatzea, euskaraz aritzea da kontua.
Kantu Jirak, beraz, Euskaraldiaren helburuarekin guztiz bat egiten du. Naturaltasun osoz, kantukideen aho-belarrietan dantzan dago euskara, eta giro horretan erakarpen efektua gertatzen da euskaraz oraindik ez dakiten batzuengan ere: abestia zertaz ari den, hitz horiek zer adierazten duten jakin nahia. Hau da, Kantu Jirak, hizkuntzaren transmisioan katebegi sendoa izan nahi duen horrek, euskarari bideak zabaltzen dizkio, partaideen artean euskaraz mintzatzeko joera indartzen eta sortzen lagundu nahi du. Lehengo eta oraingo euskal abestiak bizirik mantentzen saiatzen da, noski, baina euskal kantuez kaleak blaitzearekin batera, edozein esparrutan euskaraz aritzeko gogo eta poza piztu nahi ditu, Etxepareren desira hura (Linguae Vasconum Primitiae, 1545) gaur egun ere egia bihur dadin: “Euskara, jalgi hadi plazara / … / Euskara, habil mundu guzira».
2018(e)ko irailaren 3(a), astelehena
Irailaren 16an, Aieteko jaietan kantujira
Aurten ere Aieteko jaietan, ezin falta kantu saioa, gure Kantujira!. Datorren irailaren 16an, 3. igandean egingo dugu kantujira bertan. Errepertorioan Donostia Kantuz liburuxkan dauden abestiak kantatuko ditugu.
Hasiera goizeko 11:00etan izango da, Hiru Damatxo plazatxoan, kantuen artean bertsolari bikote paregabea izango dugu: Alain Martin eta Andoni EgaƱa. Bidean kantuak, bertsoak, dantzak, txistulariak eta jan-edanak izango ditugu. Eguerdiko 14:30ean berriz, Bazkaria parkeko Topalekun. Menua=16 eurotan. Eta ondoren kantuz eta dantzan amaituko dugu eguna. Menua: entsalada, paella, makailua saltsan, tomateakin eta piperrekin, eta tarta. Edariak: urteko ardoa, sagardoa, ura, eta bazkalondorengo kafea.
Animatu eta zatoz Aieteko kantujirara.
2018(e)ko abuztuaren 23(a), osteguna
Donostia Kantuz taldea ere Euskaraldian sustatzaile
Euskararen erabileran eragiteko asmoz jaio da EUSKARALDIA egitasmo berria. Donostiako Egia auzoan eman zen esperientzia eredutzat jo eta Euskal Herri osora zabaldu nahi da proiektua.
Datorren azaroaren 23tik abenduaren 3a bitartean 11 egun euskaraz bizitzeko konpromisoa hartuko dugu, eta horretara gonbidatu nahi zaituztegu, bai AHOBIZI edo BELARRIPREST bezala izena emanik. Izen-ematea irailean hasiko da. Informazio zehatza bidaliko dizuegu, hala ere, Bagera elkartean informazio gunea duzue. Donostia Kantu taldearen helburutariko bat euskararen erabileran eragitea izanik ezin dugu hutsik egin, eta EUSKARALDIAN parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.
Irailaren 1ean, Donostiako Euskal Jaia: Kantujira berezia
Donostian ez dugu etenik, aste nagusiko jaiak amaituta, hemen ditugu laster batean Euskal Jaiak. Estropadekin batera, euskal dantzak, kantuak eta sagardoa dastatzeko aukera izango dugu. Urtero bezala, berezitasun bat sartu da egitarauan, eta aurten Bentazaharreko musikariak izango ditugu gurekin kalez kale giroa animatzeko.
Irteera San Martinetik egingo da eguerdiko 12:00etan, kantujiran Bulebarrera abiatu eta bertan sagardoa dastatzeko aukera izango dugu kantu eta dantzen artean.
Besterik gabe, irailaren 1ean, larunbata Euskal Jaiko Kantujira!
Agur Jaunak abestiaren inguruko erreportaia
Joanes Segurolak egindako artikulu batean AGUR JAUNAK abestiaren nondik norakoak azaltzen dizkigu. Orain 100 urte interpretatu zen lehen aldiz Azpeitian San Inazio omenezko prozesio batean, 1918ko abuztuaren 1ean, Foru Aldundiko klarineek musikatu zuen abestia. Agur Jaunak abestia ereserki izaera izan zuen gerra zibila garaian.
Artikulua interesgarria irakurtzeko egin klik hemen:
"AGUR JAUNAK, ereserki"
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)